

Archivo Real (Pamplona)

Claustro Catedral Santa María (Pamplona)

Parque (Pamplona)

Ayuntamiento (Pamplona)

Paseo del Arga (Pamplona)

BALUARTE (Pamplona)

Portal Francia (Pamplona)

Museo de Navarra (Pamplona)

Plaza Ayuntamiento (Pamplona)

Los Caídos (Pamplona)

Plaza del Castillo (Pamplona)

Catedral (Pamplona)
Herria: PAMPLONA
Zonaldea: Iruñerria
Km: 47
Lokomozio modua: Autoa
Iruña hiri moderno eta abegikorra da, eta erdi aroko iraganaren aztarnak, itxura zaindua eta eskaintza kultural eta gastronomiko zabala ditu.
Nafarroako hiriburua Donejakue Bidean dago, eta, mendez mende, Magdalena Zubian hartu izan ditu erromesak. Horixe bera dugu hiriko harresia erakutsiko digun ibilbidea hasteko leku bikaina. Frantziako atea gurutzatu ondoren, hirigune historikora eta Santa Maria la Real katedral gotikora iritsiko gara. Katedrala XII. eta XV. mendeetan eraiki zuten. Fatxada neoklasikoa tenplurako sarrera da; barruan, frantses estiloko klaustro gotikoa nabarmentzen da.
Hiriko alde zaharretik ibilbide bat eginez, beste eraikin interesgarri batzuk ikusteko aukera izanen dugu: San Saturnino eta San Nikolas gotorleku-elizak; harresi zaharrak; Nafarroako Errege-erreginen Jauregia, orain Nafarroako Artxibo Nagusia dena; San Fermin kapera, San Lorentzo elizan; Pablo Sarasate Museoa; Udaletxea, bere fatxada barrokoarekin; Comptos Ganbera, hirian dagoen eraikin gotiko zibil bakarra; eta Gazteluko Plaza, hiriaren erdigunea den plaza arkupeduna. Azken horretan bisitariek terrazetan eta lokaletan indarberritzeko aukera izanen dute; lokal horietan bat Iruña jatorra dugu.
Iruñeari eta bertako alde zaharri buruz mintzatzea Sanferminei eta zezenen entzierroari buruz mintzatzea da. Sanferminek, Ernest Hemingway idazleari esker festaren sinonimo bilakatu diren jaiek, mundu osoko milaka pertsona erakartzen dute urtero, uztailaren 6tik 14a bitarte. Urteko edozein egun egokia da lasterkariek eta zezenek indarrak neurtzeko ibiltzen dituzten kaleetan paseatzeko, Santo Domingo, Udaletxe Plaza, Mercaderes eta Estafeta, zezen plazara iritsi arte.
Iruña zaharretik Iruña modernora jauzia Media Luna, Taconera eta Gaztelugibel parkeek osatzen duten muga berdetik eginen dugu. Azken hori Ziudadela zaharrarekin loturik dago. Eta Ziudadelaren bastioietako bat hartzen zuen orubean Baluarte Batzar Jauregi eta Auditorio modernoa eraiki dute. Hiriko gune modernoan, Yamaguchi parkea nabarmentzen da. Bertan, hiriko Planetarioa dago.
Hiria inguratzen duten herriek ere -Iruñerria izenarekin ezagutzen da eremu hori bisitarientzako eskaintza erakargarria dute. Altzuzan Jorge Oteiza eskultorearen museo etxea dago. Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutako eraikin modernoa da, eta bertan ikusgarri dira eskultorearen lan izugarria eta hainbat urtez bizileku eta lantoki izan zituen gelak.
Iruñerrian erromanikoaren aztarnak geratzen dira, esate baterako Gazolatz eta Zizur Txikiko elizetan.
Gastronomia
Iruñean bisitariek Nafarroako gastronomiako produktu tipikoak probatzen ahalko dituzte. Bereziki aipatu behar dira Iruñerrian hazitako bildotsa eta, Sanferminetan, plazako zezenekin prestatutako platerak.
Hiriburuko eta inguruko beste produktu tipiko batzuk ditugu txorizoa, "relleno" edo odolki-zuria, kafesne gozokiak, txantxigorri opilak eta koronillak.
Ez utzi probatu gabe alde zaharreko tabernetako pintxoak, ardoak eta likoreak. Gozatu "poteo" tradizionalaz, eguerdi eta arratsaldez.
Ekitaldiak
Iruñeari buruz hitz egitea Sanferminei buruz hitz egitea da, Espainiako festarik nazioartekoenari buruz. Entzierroek eta zezenketek, peñek, festei hasiera ematen dien txupinazoak, santuaren omenezko prozesioak, dianek eta erraldoien konpartsak (harri-kartoiz egindako irudiak) Nafarroako hiriburua etenik gabeko festa bilakatzen dute, uztailaren 6ko eguerdiko 12etatik uztailaren 14ko gaueko 12etara.
Inauteriak Iruñerrian eta ingurutan ospatzen dira. Nafarroako inauteri guztien artean ezagunena, hedatuena eta imitatuena Iruñetik 20 km-ra dagoen Lantz herrikoa da. Ospetsuak dira bertako pertsonaiak, Miel Otxin, Ziripot, Txatxoak, Zaldiko eta Arotzak eta zortziko dantza herrikoia.
Zure txanda da: esaguzu zer pentsatzen duzun
Sartu hemen zure iritziak, argazkiak eta bideoak