

Iglesia Santa María de Eunate (Muruzábal)

Claustro iglesia San Pedro (Estella)

Sierra de Urbasa

Iglesia Santa María (Los Arcos)

Portada (Sorlada)

Cúpula Iglesia Santo Sepulcro (Torres del Río)

Retablo Iglesia Santa María (Viana)

Zonaldea: Erdialdea
Km: 77
Lokomozio modua: Autoa
Donejakue Bideak Zizur Txikian uzten du Iruñerria eta Erreniaga mendia gurutzatu eta Izarbeibarrean sartzen da. Eunateko Santa Maria eliza Muruzabal udalerrian dago, Obanos eta Gares herrietatik hurbil. Eunate jatorri ezezaguneko tenplua da. Oinplano oktogonaleko eraikin erromaniko eder eta originala da, tenplutik bereizitako arku-multzo berezi batek inguratutakoa.
Garesen Orreagatik datorren bideak eta Somportetik datorren bideak -Tolosana edo Egidiana bat egiten dute. Bertan Gurutzearen eliza bisitatu eta Kale Nagusia gurutzatu behar dira. Azken horretan Santiago eliza dago. Donejakue Bideak Arga ibaiaren gaineko zubi erromaniko ederretik uzten du herria. Zubi horrek gaztelerazko izena ematen dio herriari (Puente la Reina).
Lizarrara iritsi aurretik, saihesbide bat hartuta, Allozko urtegira iritsiko gara. Bertan uretako zenbait kirol egiten dituzte.
Lizarrak foru propioa du 1090. urtetik, eta bertan eraikin interesgarri asko bisita daitezke: Nafarroako Errege-erreginen jauregia, Ruako San Pedro eliza, Lizarrako Fray Diego etxea, San Migel eliza eta Puyko Andre Mariaren basilika.
Lizarratik gertu, Iratxeko monasterioa dago. Bertan XII. mendean hasitako tenplu erromanikoa eta XVII. mendeko eraikin herreriano handia nabarmentzen dira.
Lizarratik iparraldera, Abartzuzatik gertu, saihesbide batek Irantzuko monasteriora eramanen gaitu. XII. mendeko zistertar abadia da eta Urbasa mendiak osatzen duen gune karstikotik oso hurbil dago. Urbasako Soilean museo-etxe bat jarri dute, mendiko artzainen eta ikazkinen bizimodu zaharra erakusten duena. Urbasa eta Andiko Natur Parkerako sarreran, Olaztiko errepidetik, parkeko Informazio Zentroa dago. Seinaleztaturiko bide askok harkaitzak, pagadiak, lur azpiko urak eta artzainen txabolak elkartzen dituen eremu hori oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko aukera ematen dute.
Donejakue Bidera itzulita, Los Arcos herrira iritsiko gara. Bertan harresi zaharraren zenbait ate gordetzen dituzte eta errenazimenduko eta barrokoko eraikinak ditu. Gainera, Andre Maria eliza ederra ere bisitatzeko modukoa da. Sorladan, Los Arcosetik kilometro gutxira, San Gregorio Ostiense basilika dago, landen eta uzten zaindariaren omenezko tenplu barrokoa.
Torres del Río herrian Nafarroako erromanikoaren harribitxietako bat dugu, Hilobi Santuaren eliza. Bertatik errepide batek Kodesko Andre Mariaren Santutegira eramanen gaitu, izen hori bera duen mendilerroaren oinetan.
Donejakue Bidean Nafarroako azkeneko herria Viana dugu, plaza gotortuko eta kale estuko egitura duen herri monumentala. Bertako eraikuntzarik nabarmenena Santa Maria eliza da; tenplu-gotorleku horren atarian Cesar Borgiaren gorpua dago.
Gastronomia
Lizarrerria Nafarroan oparotasun gastronomiko handiena duen eskualdeetako bat da. Bertan dastatzen ahal ditugu piperrak, zainzuriak, txerrikume errea eta Urbasako gazta (Idiazabal jatorri izenarekin), baita postreak eta gozokiak ere, esate baterako espartinak, "rocas del Puy" eta Vianako pastak.
Eskualde horretan ardo bikainak egiten dituzte, horietako askok Nafarroako eta Errioxako jatorri-izena dute.
Ekitaldiak
Bi urtean behin, udan, Obanosko Misterioa antzezten dute, "Interes turistiko nazionalekoa" izendatutako festa. Antzezpen horretan San Guillermoren eta Santa Feliciaren bizitza eta legenda kontatzen dute, aktore profesionalek eta herriko biztanle askok antzeztuta.
Lizarrako Puyko santutegian, San Gregorio Ostiensean eta Kodesko Andre Mariaren santutegian, Torralba del Ríon, beste tenplu batzuen artean, erromeria anitz izaten dira urtero.
Viana Nafarroan inauterietako "murga" deitutakoak dituen herri bakarra da. XVI. mendetik datorren tradizio hori betez, igande-inautean herriko bizilagun taldeak mozorroturik ateratzen dira, eta, umorez edo aldarrikapenak eginez, kantuak kantatzen dituzte.
Zure txanda da: esaguzu zer pentsatzen duzun
Sartu hemen zure iritziak, argazkiak eta bideoak