

Plaza de los Fueros (Tudela)

Senda Viva (Arguedas)

Catedral (Tudela)

Bardenas Reales

Sala Capitular Monasterio (Fitero)



Zonaldea: Erribera
Km: 111
Lokomozio modua: Autoa
Errege Bardeako Natur Parkea 42.500 hektareako eremua da, erdibasamortuarra, eta UNESCOk Biosferako erreserba izendatu du. Han, higadurak lautada altuek, tontorrek eta sakanek osatutako paisaia eratu du. Eta hiru erreserba natural ditu: Rincon del Bu izenekoa, Caidas de la Negra izenekoa eta, eremuaren iparraldean, Eguarasko barrutiaren erreserba naturala.
Bardea oinez, bizikletaz eta motordun ibilgailuetan ibil daiteke. Ibilbide guztietan beharrezko seinale guztiak daude, aukeratutako garraio moduaren arabera. Edonola ere, Bardeako ikuspegi panoramiko ederrenen arteko bi Aguilares gainatik eta Pilatosen Balkoitik ikus daitezke.
Erriberako hiriburua, eta bizilagunetan Nafarroako bigarren hiria, Tutera da. Hiria arabiarrek eraiki zuten IX. mendean eta Islamaren menpe izan zen 1119. urtera arte. Urte horretan Nafarroako-Aragoiko erresumara sartu zen. Bertan, 400 urtez, arabiarrak, kristauak eta judutarrak elkarrekin bizi izan ziren, eta, gaur egun hirian ibilbidea eginez, iraganeko kultura aberats horren aztarna anitz aurkituko ditugu. Jauregi barroko eta errenazentisten ondoan, katedrala nabarmentzen da, monumentu nazional izendatutakoa. 1180. urtean eraiki zuten, meskita zaharraren gainean, eta kanpoaldean XVII. mende amaierako dorrea eta Ama Birjinaren, Andre Mariaren eta Judizioaren portadak ikus daitezke. Barnealdean, klaustro erromanikoan meskita zaharraren apaingarriak dira oraindik.
Tuteran beste leku interesgarri batzuk ditugu, Foruen Plaza, Muñoz Sola Arte Modernoaren Museoa, Uharteko Markesaren jauregia eta Magdalenaren zubia eta eliza, San Adriango Markesaren jauregia eta beste.
Erribera hori baino askoz ere gehiago da. Fiteron monasterio zistertarra dugu, iberiar penintsulan eraikitako lehendabizikoa. Erdi Aroko arkitekturaren harribitxia da, 1931. urtean monumentu nazional izendatutakoa. Fiterok, gainera, ur termalen balneario ospetsua du.
Tarazonicaren Natur Bidea Tuteratik Tarazonara (Zaragoza) bitarteko 22 kilometroak egiten ditu, trenbide zaharra aprobetxatuz.
Arguedasen Senda Viva eraiki dute, 50 espezie baino gehiagoko animaliak dituen parkea. Animaliak erdi aske daude eta familiako kide guztientzako atrakzioak eta ikuskizunak daude.
Badira beste herri interesgarri batzuk ere. Horietako bat Corella dugu; herriguneko elizak, komentuak, jauregiak eta jauretxeak liluragarriak dira. Valtierra ere aipatzekoa da; hemen harkaitzetan egindako leizeak berreskuratu dituzte eta landa ostaturako eskaintzen dituzte orain. Melida eta Caparroso artean Arradako harresi-barrutiko gazteluaren eta harresien hondakinak daude, eta horren aurrean, nagusi, zaharberritutako San Nikolas eliza, XII. mendekoa.
Gastronomia
Nafarroako Erriberari eta Tuterari buruz hitz egitea gastronomiaz hitz egitea da. Ebro ibaia bertatik pasatzen denez, lurra benetan emankorra da, eta baratze anitz dago.
Nafarroako Erriberan frogatutako kalitatea duten barazkiak daude: orburuak, zainzuriak, kardua, kukuluak, espinakak, borrajak, etab. Horiek guztiak jatetxeetan eskaintzen dituzte, eta bereziki aipatu behar da platerik tipikoena, menestra, hainbat barazkirekin egindakoa.
Erriberan badira gozo asko eta jatorri izeneko ardo beltz eta gorri anitz ere.
Ekitaldiak
Inauterietan Erriberan pertsonai tipikoak ditugu: zipoteroak Tuteran, zarramuskeroak Cintruenigon eta zarrapoteroak Cascanten.
Badira bereziki aipatu beharreko ospakizunak ere: Corellako Aste Santuko prozesioa, Volatinaren eta Aingeruaren jaitsieraren zeremonia jendetsuak (interes turistiko nazionaleko festak izendatutakoak) Tuterako Aste Santuan, eta abereen sarrera Pirinioetako ibarretatik Errege Bardeara.
Tuterak uztailean egiten ditu herriko festak, Santiagoren eta Santa Anaren omenez. Ospakizunen programa oso zabala izaten da, eta horien artean nabarmentzen da La Revoltosa dantza Foruen Plazako kioskoaren inguruan.
Erriberan ere dantzak garrantzia handia du, batez ere "Paloteado" izeneko makil dantzak. Cortesen eta beste herri askotan egiten dituzte.
Datu interesgarriak
*Ordutegi eta prezio orientagarriak. Gomendagarria da erakundearekin baieztatzea.
Zure txanda da: esaguzu zer pentsatzen duzun
Sartu hemen zure iritziak, argazkiak eta bideoak